XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Youri Alexeievitch Gagarine

Balentria baliosa

Apirila hilabethearen hamabian, mila bederatzi ehun eta hiruetan hogoi eta batgarren urtean.

Khrouchtchev Rusiaren nagusi, Kennedy Ameriketan buruzagi, De Gaulle Frantzian, Mac Millan Angleterran, Franco Espainian, Adenauer Alemanian,... Youri Alexeievitch Gagarine, hogoi-ta-zazpi urtheko Rusiatarrak egin du aire-eremuan oren bat eta berrogoi-eta-zortzi minutaren sar-jalgia, lauetan hogoi eta bederatzi minutaz lurra itzulikatzen zuela, ehun hirurogoi hamabortzetarik, hirur ehun eta laurogoi kilometrako goratasunean.

Duela lau urthe, Rusiatik airatu zen Spoutnik deitu pikorna, lur itzuliaren egilea: barnean zauzkan zer nahi izartzeko tresna, bai eta Laika chakur churia.

Oraikotik gizona kurubilkatu zaiku chakurraren tegian.

Spoutnik desegin zen lurrari hurbiltzearekin. Gagarine aldiz jautsi, hautatu lekuan, irriño bat ezpainetan.

Ez direla auher egon lau urteren ephe mikoan Rusiako jakintsunak!

Dio Gagarinek, batere arrangurarik gabe igan dela Voztok edo Iguzki-alde deitu spoutnik berrirat.

Bizkitartean bazukeen ba griña-garratoin ñimiñoa karra-karra ari bihotz-kantailean: bidelariaren beldurra!

Etche-alharzea uztearekin mariñelaren herabea! Leihorretik urruntzean ikus arte botatzen dugu, eta briu-brau itzultzen, oies bat begitartean! - Ikastearekin igaiteko orena zuela, ez omen du Gagarinek hitz bat baizik jalgi: Goazin!

Holako hitza ez da ttipigarri, bainan gizon omenaren apaingarri! Zonbat hori aurdiki-eta ez dira itzali urrunaren hedoi beltzean betikotz? Gagarine aldiz itzuli da. Harentzat ikus arte ez da izan bethi arte! Munduaren esku-zarta, alegrantzia, ohore, oihu, oro zor zitzaizkon nasaiki.

DE GAULLE-n GORESMENA

Mont-de-Marsan hiritik De Gaulle Jaun Presidentak igorri diozka Khrouchtchev Presidentari Frantziaren esker beroenak Youri Gagarinen garhaitze miresgarriaz. Zion: Rusiako jakintsun eta tzarretaratzalek gain-gainetik ohoratzen dute Europa eta gizona.

Ederki errana da: ederki, hala hobeki.

Ederki, bainan ederraren ederra maiz gordegailu; ederraren gibelean maiz bihotza auhenkatzen saminki.

Airekotiarrak abiatzearekin lurretik altchatzen, burdin karrankari batzuen puntan, mundua, orai Rusiari bezala, orduan Frantziari zagon, gogo-bihotzak pil-pil, Ader-en denboran (1897).

Uzkurtu dea geroztik Frantziaren adimendua, histu haren tirria. Gogortu haren zalhutasuna? Ez! Frantzia hogoigarren mende-hasteko Frantzia bera da.

Salbu mozkinak zaizko ez haunditu; eta ez handitzea ala ñarrotzea, biak elgarren auzo, biak elgarren haurride.

Frantziaren heina da apaldu, lerroan da Frantzia gibelatu.

Rusia gu bezala Europan da.

Ez da Afrikan, ez Azian, are gutiago Chinan.

Chinatar Mao-Tse-Tung jaunak so egiten dio, jelosiaren pindarño begi-ñiñikan.

Hortaz orhoit-arazi ukan du Khrouchtchev De Gaulle jaunak.

Bainan ez da haren parrekoa Khrouchtchev: hedaduraz nagusi dago Rusia, Frantziak ez nahiz esku eman Europako haurrideri. Zendako gauza ez aithort den bezala. Egia, bideko argia!

FEDEAK EZ DU KALTERIK

Chimiko bat egiten dauku Gagarinen balentriak, bainan errepika dezagun ez daukula den gutieneko karramaskarik sakatzen fede-achalean.

Giristino gisa zorion zaiku, Rusiak hasi lan luze, neke, irriskuz hanpatua behar bezala bururat dezan, Gagarine ararteko.

Gizonaren goitirako jauzia, gizonarentzat zorion, eta athera ginezake: zorion eta atsegin Jaungoiko Nagusiarentzat!

Lurra moldatu-eta, Liburu Sainduek diote Jaungoikoak behatu ziola alegrantziarekin.

Zuzen da, eraman duen sailari behatu-eta, gizona orobat sar dadin gogoeta airosean.

Zuzen zeruko Nagusiak, zeruko Aitak, jasta dezan mundua aberastean mundu-hasteko alegrantzia.

Gizona hupatu zaiku, Jaungoikoak ichuri baitio bere gogoaren ithurritik chorta bat.

Jakin gabean kantuz ari dire Gagarine eta Rusiako komunichtak.

Jaungoikoaren ohoretan heien, bihotzak ahantzia ukanikan ere nundik jinak diren eta norat ari.

Ni nago ez dutenetz Jaungoikoaren alderako eginbiderik usnatzen Kremlin-eko bazkarirat gomit baitziren Juduen, Araben, giristino chismatikoen apez lehenak!

Zendako ekar-araz, hisia gorria daukatelarik fedearen kontra ahoan trebes?

Girichtinoaren oihua ez da Gagarine, zabiltza goregi! bainan Gagarine, apalegi zabiltza, Jainkoaren izaitea baita gu denen hel-burua!

Burdinaren bidatzaile sartzea, ez da aski, ez da hurbiltzekorik ere aski, Gagarine gu hauren bihotz kechua behar baitugu hezi, gure jaidura gaichtoak behar baitugu hezi, gure jaidura gaichtoak behar azpiratu: gure buruaren jabe jarri.

Ez duzu haste baizik, Gagarine, guk denek bezala.